Kabalkada eta tradizioak

Ihauteriak

Neguko oporretako lehen asteburuan, Baionan ihauteriak ospatzen dira Zanpantzarren inguruan. Badu aspaldi ihauteriak ospatzen direla Baionan.

Ostegunean eta ostiralean 3 500 haur ihauterietan

Ihauterietako animazioak ostegunean hasten dira Baionako ama-eskoletako haurrekin; mozorroturik biltzen dira goizean Lauga gelan ikusgarri baten ikusteko. Ostiralean, lehen mailako eskoletako ikasleak dira lehen lerroan, eta haiek ere ikusgarriaz gozatzen dute leku berean.

Orotara, bi egun horietan, 3 500 haur biltzen dira urtero ihauterien ospatzeko.

Larunbata, egun nagusia Zanpantzar epaitzeko eta erretzeko

Larunbatean, hiri osoa mozorrotzen da eta animazio asko bada. Badu aspaldi Euskal Herri osoko dantza taldeak Baionako ihauterien alaitzera heldu direla. Musika, kantuak eta jantziak ezinbestekoak dira bestan parte hartzeko.

Dantza taldeek hiria animatzen dute

Larunbat goizetik dantza taldeek hiria animatzen dute merkatuaren inguruan eta Errobi bazterrean. Probintzia batzuetako taldeek ihauterietako erritu biziki azkarrak dituzte. Egun guzian, hartza eta basajaunak topa daitezke: usaiak itzulipurdikatzen dituzte, haurrak iziarazten eta oinezko karrikak animatzen. Probintzia guzietako dantzariak hor dira eta tradiziozko animazioak proposatzen dituzte goizetik gauera.

Zanpantzar

Zanpantzar da larunbateko pertsonaia nagusia. Goiz guzian hiriko auzoetan gaindi ibiltzen da, eta azkenean Roland-Barthes zabaldegira heltzen da, ihauteriako besta-gune nagusira. Arratsalde hastapenean dantza talde guziak eta Zanpantzar oinezko karriketan gaindi dabiltza eta arratsalde apalean Roland-Barthes zabaldegira itzultzen dira. Baionako elkarte batek Zanpantzar jauna jujatzen du orduan. Baionesek epaiketan parte hartzen dute eta Zanpantzar sura kondenatzen. Eta erretzen!

Beste animazioak

Besta hiri zentroan iragaten da nagusiki, baina auzoetan ere ekitaldiak badira. Goizean batzuek animazio mota desberdinak proposatzen dituzte, hala nola, makillatze tailerrak, mutxikoak…

Eta Roland-Barthes zabaldegian zaldiko-maldiko franko bada.