Maialen Errotabehere lors d'un concert privé en juillet 2020
Maialen Errotabehere donnera un concert aux Arènes le 20 août, avec Patxi Garat et le groupe Kalakan © Mathieu Prat 

Kultura, Musika

Maialen Errotabehere, urrunera doan ahotsa

Musikagile, koro zuzendari eta interpretatzaile, Maialen Errotabeherek bere laugarren diskoa urte hastapenean plazaratzeko asmoa du: “Animus Anima”, lineako diru bilketa baten bidez diruztatua.

Data honetan argitaratua

Baionan sortua eta Baionan bizi, Maialen Errotabeherek euskara du ama hizkuntza; naturalki, beraz, euskara du kantatzera gomitatzen zuzentzen dituen koroetan: 50 gizonez osatutako Haiz’Egoa gizon abesbatza, Buhaminak emazte abesbatza bere 40 kantariekin, baita Haiz’Egoa Ttiki koroa ere, 6 – 17 urte tarteko berrogei bat haurrez osatua. Euskaraz ere idatziak dira Animus Anima diskoko hamar kantuak, 2020. urte hondarrean atera beharra. Egitasmo honen berezitasuna idazleen aniztasunean datza. Kantari musikagile edo ahaide batzuek dituzte testuak idatzi, denak euskaldunak direlarik eta gai beraren inguruan lan egin dutelarik: femeninoa eta maskulinoaren definizioa. Bakoitzak berea naski!
Agorila diskoetxeak lehen hiru diskoak ekoiztu zituelarik, lineako diru bilketa batek du egitasmo hau diruztatu, arrakasta politarekin gainera, bideragarritasun maila aste gutitan baizik ez baita gainditua izan.

Testu bakoitzari egokitutako musikatzea

Kantariak ditu testu guziak musikatu, bakoitzak inspiratzen zionaren arabera. Azaltzen duen bezala: “Ezin dut, beraz, estilo orokor bat zehaztu diskoari dagokionez; kantu bakoitzak dauka berea, folk, blues, pop edo rock...” Musikalki, artista gaitasun anitzekoa dela erran daiteke. Gazte-gaztetik, ahots ederra duela erraten diete. Ahots sakona eta berezia, arreta biltzen duena. Herriko koroan formatua izan zen, batez ere Ezpeletan, Denise Olhagaray bezalako koro zuzendaritzen ondoan, haurren kantu txapelketetan azaltzera akuilatu zuena. Laetitia Casablancak ere kontserbatorioan izena ematera bultzatu zuen, han irakasle zelarik, baina emazte gazteak ez zuen erakundeak proposatutako ibilbide akademikoarekin bat egin, herriko kantuak eta ahotsak hobetsiz. Kantuaren berezkotasunean eta oldar naturalean sinesten duenetariko bat da.

Bai, teknikak oinarri sendo bat ukaiteko bidea eskaintzen du, eta ondorioz, lasaitasun zerbait. Baina gehien hunkitzen gaituena, publikoa hunkitzen duena, gure nortasuna da, adierazteko dugun hori.

Agerraldi aipagarri batzuk

Goiz-goizik, taulen gainera igo zen eta artista desberdinen lehen parteak segurtatu izan ditu: Mortiarty taldea Gare du Midi aretoan (Biarritz), Miossec artista Atabalen (Biarritz), Michael Jones kantaria Michel-Portal antzokian, “Je te donne” abestia harekin kantatu zuela, eta euskaraz. Bere bideak Angéliko Kidjo handiarena gurutzatzeko aukera eman zion. Harekin duo bat egin zuen eta harentzat gizon abesbatza bat zuzendu.
Benito Lertxundi, Anje Duhalde, Ruper Ordorika bezalako kantariek harengan uste osoa izan dute aspaldidanik, eta berriki, Eñaut Elorrietak.