Euskararen Erakunde Publikoa

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) euskararen garapenaren eta erabileraren aldeko hizkuntza politikaren zehaztea eta obratzea du xede.

EEP Estatuak, Akitania Berriko Eskualdeak, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak eta Euskal Hirigune Elkargoak osatu interes publikoko elkargoa da.

2006ko abenduan, "Hiztun osoak helburu - Haur eta gazteak lehentasun" izeneko hizkuntza politika proiektua aurkeztu zuen, eta Administrazio Kontseiluak aho batez onartu. 2018-2022 aldirako arraberritua izan da.

Hezkuntza ministerioarekin partaidetza iraunkorra

15 urtez obratu ondoan, EEPk plantan eman politika publikoaren fruituak ageri dira. Hezkuntza ministerioarekin partaidetza iraunkorra sinatua du, eta lurraldeko lehen mailako ikastetxeetan, 66 gune berritan ireki da frantsesa/euskara irakaskuntza elebiduna, 3 sailetan (publikoa, pribatu giristinoa, murgiltze sistema). Egun, lehen mailako ikasleen %41 % hiru sail elebidun horietako batean daude (2004an %24 ziren). Ama-eskolan, aldiz, proportzioa %30etik %47ra pasatu da (2019ko zenbakiak).

Euskararen erabilpenen garatzea

EEPk euskararen erabilpenak garatzeko xedea ere badu (hedabideetan, bizitza sozialean, aisialdietan, kirolean), bereziki gazteen artean. Euskararen erabilpen soziala bultzatu nahi du, ikasi euskara baliatua, ikusia eta entzuna ere izan dadin, euskaldunek euskara beren biziko alor guzietan baliatu ahal izan dezaten.