"ART DECO" ERAIKINA, ARGAZKILARITZAREN ZERBITZURA

DIDAM, arte garaikide eremua

Lau denboralditan, DIDAMek 100 000 bisitari inguru bildu ditu. Badirudi, beraz, Baionan amarra portu egokia atzeman duela. Argazkilaritzaren ezagutzeko guneak, urtero, artista famatuen bost erakusketa hartzen ditu, eta sorkuntza garaikideko proiektuei ere aterpe ematen die.

Sorkuntza garaikiderako eremua: DIDAM


Kulturaren biziarazteko gune berria 2015ean ireki zen, Aturri bazterrean. Programazioa denentzako argazkilaritzaren inguruan antolatua du bereziki. Ireki zenetik, argazkilari famatu hauen obrak hartu ditu: Carlos Saura, Lucien Clergue, Raymond Depardon, Yann Arthus-Bertrand, Liu Bolin, Nikos Aliagas… DIDAMek ondare-gaiei buruzko erakusketak ere proposatzen ditu (ibaia, frontoiak, Euskal Herriko eta Quebeceko historia gurutzatuak, harresiak, muga), eta beste hainbat gai ere jorratu izan ditu: Frantziako baserrialdea eta emazteek arte sorkuntzan duten tokia, besteak beste.
DIDAM tokiko arte lurraldean ontsa errotu da. Tokiko partaideekin eta eskualdeko eta mugaz gaindiko erakundeekin partaidetza iraunkorrak ditu, eta ikusle fidelen kopurua proiektuz proiektu handitzen ari zaio.


DIDAM, lekuaren historia


Baionako hiriak itsas inskripzioaren etxea Baionako Louis eta Benjamin Gomez arkitektoei eraikiarazi zien. 1920ko hamarkadaren erdialdean, hiriak merkataritza ganberari Santa Urtsula plazako lurrak erosi zizkion, itsas inskripzioa, lan poltsa eta itsasgizonen etxea bertan eraikitzeko xedez.
Eraikina 1933an eraiki zuten Louis eta Benjamin Gomez anaiek, Baionak galdeginik. Art deco mugimenduaren aldeko manifestua dirudi: aitzinalde apain, soil eta simetrikoa, bi solairuko antolaketa, teilatu zapala, kalostra bi zutabe marradunen gainean pausatua, bi hegal, eta gainaldean terraza bat, frontoi itxurako barandarekin.
Zorroztasun handiko eraikina apainduraz alaitua da.
Frontoian, Baionako armarriak eta goiburua, “Nunquam polluta”, agertzen dira, arraunez eta sokaz inguraturik, Baionako itsasgintzaren eta portu-jardueren garrantziaren seinale.
Bi hegaletan, arrain burudun bi itsas munstrok eta amarratzeko uztaiek ere portu jarduerei erreferentzia egiten diete.
Burdina landuzko ate nabarmenean, eguzkia ageri da, sartzen ari, baita aingura bat, itsas belarrak, olagarro bat, oskoldunak eta kaioak ere, itsaso eta ibai munduen seinale.
Burdina landuzko balkoietan, IM hizkiak ere ikus daitezke (itsas inskripzioa, frantsesez), gurutzaturik.
Hala, apainketek eraikinaren funtzioa etengabe oroitarazten dute, Itsasaldeko hiribidean dagoen 1938ko  aduanen eta zubi eta bideen eraikinak bezala.

 

ITSAS INSKRIPZIOA

Itsas inskripzioen administrazioa Luis XIV.ak ordenantzaz sortu zuen, XVII. mende hondarrean, Jean-Baptiste Colbert ministroak inspiraturik. Itsasketan eta arrantzan aritzen diren jende guziak zerrendatzen ditu. Itsas inskripzioko komisarioak itsas jendeen eta eraikinen erregistroak atxikitzen zituen. Bestalde, eta batez ere, marinelentzako "gizarte segurantza" funtzioa ere bazuen.

Louis eta Benjamin Gomez, euskal estiloko arkitektura


Louis eta Benjamin Gomez baionarrek, mende erdi batez, proiektu anitz eta anitz sortu zituzten euskal kostaldean: Louis 1905ean hasi zen eta Benjamin 1950eko hamarkadan gelditu zen. Lurraldeari aztarna sakona utzi zioten. Gure mugetatik kanpo ere, Landesetako hegoaldean, Hossegor gune balnearioaren irudi azkarra finkatzen lagundu zuten, bertako lehen etxeetako batzuk marraztu baitzituzten, batzuetan Henri Godbarge lankidearekin, baita herriko lehen ekipamenduak ere.
Bi anaien obran, itxura eta neurri guzietako programak daude: etxeak, administrazio-eraikinak, saltegiak, hilobi-monumentuak… Euskal estiloko arkitekturako adibide onenetako batzuk sortu zituzten; horietan, Benjaminen nortasuna zela eta, apainketek eta altzariek zinez toki handia dute. Hala, anaien sorkuntzetan, arkitekturak, apainketek eta altzariek bat egiten eta elkar agerian ematen dute. Eskualdean zuten fama anaia gaztearen nortasunari zor diote bereziki: arkitektoa izateaz gain, apaintzailea, altzari sortzailea eta multzo egilea ere bazen.
Anaiek garatu arkitekturak eskualdearen alde militatzen zuen, eta, aldi berean, denboraren araberakoak ziren: art deco estilokoak, Espainiako estilotik inspiratuak ala modernistak.

 

San Izpiritu auzoguneko Gomez arkitektura enblematikoa


Itsas inskripzioaren eraikin famatuaz gain, Gomez anaiek San Izpiritu auzogunea zinez markatu dute, eraikin biziki zainduak sortuz.
Bergeret kaian, bereziki, Aturri bazterrean, Art deco estiloko eta euskal estiloko etxe ederrak daude, elkarren ondoan: “Maloued” etxe biritxiek, “Lous Tilloles” eta “les Mouettes” etxeek karrikari osotasun ederra ematen diote.
Sorkuntza horietan enblematikoena “Malaye” etxea da, Benjamin Gomezek beretzat eraikia. Alsazia-Lorrena bulebarrean dagoen “Abal todi” alokairu mugatuko bizitegi eraikina ere aipatzekoa da, euskal estiloko arkitektura unibertsala izan daitekeela frogatzen baitu: Gomez anaiek erakutsi zuten dirudun baten luxuzko etxean bezala, bizitegi sozialetan ere balia zitekeela.

 

    Argazkilaritza bizia zenbat istant joankorrez osatua den erakusten duen artea da."

    Marcel Proust, Denbora galduaren bila

    NONDIK DATOR DIDAM IZENA?

    2014an, Euskal Hirigune Elkargoak itsasoko gaien departamendu arteko zuzendaritzaren guneak (frantsesez DIDAM) Baionako hiriaren esku utzi zituen, arte garaikideko erakusketen antolatzeko. Jarduera aldatu da; izena, aldiz, ez.