Uztailaren 10ean Herriko Etxeko balkoian egin bezala, « Txoria Txori » famatua berriz hartzeko proposatu zion Zezen-plazan. Inprobisatutako bikote batean, baina bere amaren ausardiak bultzaturik: « Patrick, nire alabarekin kantatu behar duzu », bota zion ausarki 2024ko edizioaren lehen gauean kantariari.
Aurkezpenak egin eta konplizitatea sortu eta gero, Patrick Bruel-ek Julie-ri gomita luzatu zion Zezen-plazara hurbildu eta harekin kantatzeko. "Bere palkoan aurkitu nintzen, euskarazko fonetika klaseak ematen, « Txoria Txori » berriz har genezan. Nire ibilbidea zein zen galdetu zidan eta segitzera animatu ninduen, bai eta nire testuak idaztera ere. Topaketa ederra», laburbildu du emazte gazteak.
Julie-k txikitatik kantatzen du. Bere gurasoek ere abesbatzetan kantatzen dute, Uztaritzen, han bizi dira eta han hazi da Julie. Musika giro horretan murgildurik, berak bere aldetik ikaskuntza bultzatu zuen kantari profesional bilakatzeko. Ikastegiko abesbatzan bakarlari aritu ondotik Maurice-Ravel Kontserbatorioan kantu lirikoko klaseak segitu zituen, eta gero, barietateetako klaseak, bakarka. 18 urterekin, herriko bestak animatzen zituen Arpège orkestrarekin. 2019an, bere ibilbidea aniztu zuen eta kabaret talde batean ikuskizunaren zuzendari bihurtu zen. Covid garaia eragile bat izan zen, izan ere, berehala hasi zuen bakarkako ibilbidea, gitarra eskuan zuela.
Euskaraz kantatzea ebidentzia bat
Julie-k hainbat urte daramatza bere testuak idazten; euskaraz zein frantsesez konposatzen du. Argi eta garbi da. Bere aitatxi-amatxiak euskaraz hitz egiten zuten, baina bere gurasoek, aldiz, errepresaliatutako belaunaldikoak izan ziren, euskaraz hitz egitea gaizki ikusten zen horientzat. 1997an sortua, baionesa, aldiz, hizkuntzaren berreskupenaren alde lan egiten dutenetakoa da. Neurri batean eskolatzean trebatua, gaur kurtsoak hartzen ari da AEK helduen euskalduntze erakundean, bere maila hobetzeko asmoz.
Jean-Dauger, Anoeta, eta 2024ko Bestetan kantatu ondoren, orain Iparraldeko kultura paisaian sartua da. Oraingoan, 2025eko Bestetako asteazkenean, Askatasun Plazan, Arpège orkestrarekin kantatzera itzuliko da. Halaber, lehen disko bat argitaratzeko proiektuarekin segitzen du, zeinek sei kantu euskaraz eta sei kantu frantseseez biltzen dituen.