GOTOR HIRIA, IBAI ETA ITSASO PORTUA

Hiriaren eraikuntzaren ulertzea

Baiona bere harresien barnean eraiki zen. Luzaz, murru horiek hedatzea trabatzen zioten. Baina, 1907an hiriari militar izaera aldatu ziotenez, auzogune berriak garatu ziren, eta hiria harresietatik kanpo hedatzen hasi zen.

Lapurdumetik Baionara

Lapurdum erromatarren kanpamendua, Baionaren arbasoa, Aturri eta Errobi ibaien arteko bateragunean sortu zen, hamar bat metroko altitudeko muinoan. IV. mendean, hiriaren babesteko, harresiz inguratu zuten, eta horrek eragin handia ukan zuen tokiaren bilakaeran. Erdi Aroan, ibai gurutze horren inguruan, bi auzogune historiko eraiki ziren: Baiona Handia, gainaldean, katedralaren inguruan, eta Baiona Ttipia, behealdean, Errobiren eskuineko ertzean. Hiriak Baiona izena hartu zuen. Erdi Aroko hirugarren auzogune bat ere badu: iparraldean, Aturriren eskuineko ertzean, San Izpiritu hiri bazterra.

Baiona, gotorleku eta portu

XVI. eta XVII. mendeetan, harresiak sendotu ziren, eta harrizko gerrikoa marraztu zioten hiri barneari. Leku eskasez, etxeak goratasunean garatu ziren, eta korraleen eta baratzeen lekuak bete ziren. Bestalde, itsas jarduerak, ontziola famatuek eta urrunerako merkataritzak hiri-portuari ospe handia eman zioten, eta Baiona Europako iparraldearen eta hegoaldearen arteko truke gune garrantzitsu bilakatu zen.

Baiona, zabaltzen eta modernizatzen

XIX. mendean, hiria aro modernoan sartu zen, ekipamendu berriak sortuz: geltokia, merkatua, hiltegiak, ospitaleak, lizeoa, harrizko zubiak eta karrika berriak. Frantziako iraultzaz geroztik Landesetan zegoen San Izpiritu berriz Baionan sartzeak hirigintza garapenari ateak zabal ireki zizkion.

Baiona, harresietatik kanpo

1907tik, gune gotortuaren izaera aldatu zenez, hiria harresietatik kanpo hedatu ahal izan zen. Lurrak hertsadura militarretatik askatu zirenez, alde zaharraren inguruan garatu zen. Auzogune berriak sortu ziren: Lachepaillet (Zezen-plaza), Marracq eta Polo-Beyris. Ondotik, taldekako bizileku multzo handiak ere garatu ziren (Balichon, Gurutze Saindua, Habas-la-Plaine, Codry, Sainsontan).

 

«  […] Baionak edertasun osoa erakutsi digu. Hiria izigarri ontsa kokatua da, eta ederra da, bai xehetasunetan, bai osotasunean; iduri du landareek hiria gainditzen dutela, hain dira azkarrak eta nasaiak; eta zerumugan, mendiak eta beren lerro paregabeak ageri dira. A, Baiona, Baiona, zer eskualdea!"
Eugène Viollet-le-Duc, gutuna, 1833