30 km/h-ko eremuko zirkulazioa

Baionak hiri barne inguruko eremu zabalera hedatutako 30 km/h-ko eremu bat sortu du. Segurtasun gehiagorako, kutsadura gutiagorako eta hiria beste bide batez bizitzeko, eremu honetan onartutako abiadura gorena 30 km/h-koa da ibilgailu guzientzat.

Frantziako beste zenbait hirietan bezala, Baionak 30 km/h-ko eremu zabal bat sortu du, hiri barnetik Aturriko bi hegietara banatzen dena. Neurri honen lehen helburua da mugikortasun iraunkorrago batera bultzatzea.

Eremu "lasaiek", deitzen diren bezala, orokorki espazio publikoaren segurtatzean parte hartzen dute ibilgailuen abiadura ttipituz, eta beraz, erabiltzaile guzien arteko elkarbizitzaren hobetzean ere parte hartzen dute. Horrela, bizikletaz edo oinez ibiltzera bultzatzen du, baina ez hori bakarrik. Karrikak seguruagoak eta goxoagoak bihurraraziz, bizitzaileen bizi kalitatea ere hobetzen dute.

30 km/h-ko eremu bat sortzearen beste abantaila, beribilen zirkulazioari lotutako harrabotsa, kutsadura eta energia-kontsumoa ttipitzea. Hor dugu beste auzoetara heda dezakegun lehen urrats bat, erabiltzaileei eta bizitzaileei egokia iruditzen baldin bazaie.

30 km/h-ko eremuaren mapa Baionan

30 km/h-ko eremua, erabilbidea

30 km/h-ko eremua da erabiltzaile guzien zirkulazioari zuzendutako karrika multzo bat. Eremu honetan, abiadura 30 km/h-tan mugatua da. Bide guziak norabide bikoak dira bizikletarientzat (salbuespenak izan ezik). 50 m-tan oinezkoen pasabiderik ez bada, oinezkoek bidea edonon zeharka dezakete, segurtasun osoz egin dezaketela segurtatu eta. Eremu honetan sartzea edo ateratzea seinale eta lurreko markatzeen bidez adierazia da.