• [Menura jo]
  • Festibalak

    Besta egiteko beti prest den eta irakiten duen hiria da Baiona. Biztanleei eta bisitariei festibal anitzen aukera eskaintzen die. Tradizionalenetik ausartenera, udazkenetik, Baionako festibalak bata bestearen ondotik heltzen dira. Oholtzak, artistak eta publikoak gurutzatzen dira bertan. Partekatzerako eta ezagutzarako aproposak diren ekitaldi kulturalak badira : hiriko ingurumenean musika eta dantza festibalak, zinema dokumental festibalak, antzerki festibalak, musika sorkuntza eta arte plastiko festibalak… Topaketak eta sormena bultzatzeko aproposa den festibal sorta aberatsa.


    Apirilean

    Les Éthiopiques / Etiopikoak

    Ezkandrai elkarteak akuilaturik, festibal bidaiari horrek arte forma guztiei, publiko mota guztiei, artista oroer ateak zabaltzen dizkie. Beñat Achiary orkestraburuaren ziriek zuzendurik, Santa Gurutzeko Gainetan, Errobi eta Aturriko kaien luzeran, hiriaren erdialdeko edo Sant Izpirituko apartamendu pribatuetan eta bestelako gune kulturaletan elkarrekin topo egiten dute pertsona guzti horiek. Aste bat irauten duen kontzertu, ikuskizun, film, performantze, poesia, dantza eta beste askori leku egiten diote.

    Bere hiria maite duen festibal bidaiaria da Etiopikoak. Ekitaldi honek tokiko eta nazioarteko artisten arteko topaketak eragiteko xedea du, mugimendu berriak bilatzea du helburu, eta bidelagunak aurkitzeko nahia ere badu, 2009ko lehen edizioko babeslea izan zen Édouard Glissant idazle eta poeta ezagunaren gisara.

    Artisten eta herritarren ondoan engaiatzen den festibal horren hitz nagusiak partekatzea, errespetua, trukaketak, esperientziak eta giza eta kultura ezagutza dira. Baionan, urte guztiz udaberri hastapenean iragaten den eta ezagutu beharreko festibala !

    Les Rencontres sur les Docks

    Urte guztian zehar sortzaile-zinemaren defentsaren eta obren sostenguaren inguruan Atalante eta l’Autre Cinéma zinema aretoetako lan-taldeak burutzen duen lanaren hitzordu nagusia da festibal hori. Gomiten eta film egileen presentziarekin ematen diren estreinaldi eta film hautaketa, eskoletako ikasleentzat eta publiko gaztearentzat antolatzen diren emanaldi berezi, erakusketa eta kontzertu eklektikoekin osatzen dute Rencontres sur les Docks festibalaren egitaraua. Mundua ikusteko beste molde bat, denek ulertzeko gisakoa, lagun arteko giroan, bestaren izpirituarekin eta trukaketa artistikoekin. Neurririk gabe gozatzekoa !
    > http://atalante-cinema.org/rencontres-sur-les-docks

    Portuges Folklorearen Festibala

    Baiona mugatik hurbil dagoen hiria da, bateragunea da. Bere biztanleen artean aniztasuna dago. Hala, komunitate portuges bizia dago Baionan, aspalditik. Komunitate juduaren historiarekin bat egiten du, azken hau XVI. mende bukaeran Sant Izpiritu auzoan instalatu zenetik gaur arte.

    Beren ondare eta historia immaterial aberatsaz harro, 2011n, musika taldeen topaketekin eta jantzi tradizionalez beztiturik iragaten den desfileekin, Portuges Folklorearen festibalaren lehen edizioa antolatu zuten portuges kulturaren sustapenerako eta balorizaziorako elkarteek. Berriz elkartzeko, trukatzeko eta elkar topo egiteko momentua da. Festibalak publiko anitz biltzen du eta berriz ere gozatzekoa izanen da.


    Uztailean

    Festival Gascon Mauresca © Ville de Bayonne
    Festival Gascon Mauresca © Ville de Bayonne

    Festibal Gaskoia

    Baiona hiri hirueleduna da. Gaskoi historia eta erroak ez ditu ahazten. Ligam Gascon deu Baish-Ador elkartearekin batera, badu bi urte, udaren hastapenean, hiru egunez, okzitanierazko filmen emanaldiak, hiriko karrika gaskoietan barna oinezko ibilaldi-ezagutzak, gaskoi ikuskizunak eta dantzaldia eskaintzen dituela hiriak. Hizkuntzei eta kultura tradizionalei irekitako eta besta giroko uda hastapena beraz.


    Irailean

    Dantza hirian © Ville de Bayonne
    Dantza hirian © Ville de Bayonne

    Dantza Hirian festibala

    Dantza garaikidea hiriko paisaian kokatzen eta eskaintzen duen mugaz gaindiko festibala da Dantza Hirian. 2008an sortu zen, eta, urtero, Baiona-Donostia Euskal Eurohiriko hiri ezberdinetan ematen da.  
    Dantza garaikidea karrikara eramatea, ikuskizun aretoei alternatiba bat sortzea eta arkitektura eta dantza lotzea dira urririkako eta publiko guztiendako ikuskizun horien helburuak. Dantza konpainiek eta dantzariek egonaldietan lan egiten dute, eta, dantza urrats baten denboran, hiriko eremuak bere egiten eta itxuraldatzen dituzte. Urtero, iraila bukaeran, gure ate aurrean, metropoliako errealitate berriak erakusten dira, hizkuntzak, jestuak eta kulturak  mugarik gabe uztartzen dira, poesiaz betetako ezagutzak egiten dira.
    > dantzahirian.com/fr/